XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arzalluzen ustez, Armadak ez dauka independentzia eragozteko eskubiderik

Lehenago Iñaki Anasagastik egin bezala, Xabier Arzalluz EAJko buruzagiak ere gogor kritikatu du Espainiako Konstituzioak Armadara eskaintzen dion betebeharra.

Alegia, estatuaren batasunaren garantia izatea.

Herenegun gauez irrati batean egindako adierazpenetan Konstituzioaz ikuspegi oso kritikoa azaldu zuen Arzalluzek.

EBBko lehendakariaren eritziz, kontraesana da ETA kondenatzea Euskal Herriaren independentziaren alde armekin borroka egiteagatik eta, aldi berean, Armada espainiarra Estatu espainolaren alde borrokatzeko prest dagoela aldarrikatzea.

Zertan oinarriturik kondena dezakegu ETA, nahi duena armen bidez, Euskadiren independentzia lortzea bait da, aldi berean kontrako aukera armekin defendatzea zilegitzat jotzen badugu?, galdetu zuen EAJko burukideak.

Borroka armatuaren bidea baztertu zuen erabat Arzalluzek.

Ez dugu nahi armen bidezko konponbiderik Euskadirentzat, baina ez dugu uste ezta ere Euskadiren edo beste edozein herriren asmoak armen bitartez moztu daitezkeenik.

Konstituzioan Indar Armatuen papera zehazten duen artikuluak jatorri iluna daukala gaineratu zuen Arzalluz.

Jakin nahi nuke nork proposatu edo inposatu zuen artikulu hori, komentatu zuen.

Arzalluzen arabera, testuaren atzean Estatu barneko estamentuak daude, baina kanpokoak ere bai.

Xabier Arzalluz